AMOCa hizpide. Zer gertatzen ari da ipar Atlantikoan?

AMOCa hizpide. Zer gertatzen ari da ipar Atlantikoan?

Azken aldian AMOCaren inflexio puntua gertu egon litekeela aurreikusi dute hainbat ikerketek eta kliman izan dezakeen eraginak arrabotsa sortu du. Baina, zer da AMOCa? Zergatik da garrantzitsua?

Galdera hauei erantzun nahian Stefan Rahmstorf ikerlariak hamar puntuko testua argitaratu du. Testu hori hizpide hartuta datozen lerroetan AMOCa zer den eta kliman zein eragin duen azaltzen saiatuko gara.

Zer da AMOCa?

Ingeleraz Atlantic Meridional Overturning Circulation (AMOC), euskaraz ipar-hego Atlantikoko iraulketa-zirkulazio gisa itzul genezake. Eskala handiko iraulketa-zirkulazio honek ozeano Atlantikoko goi-geruzetan hegoaldetik iparraldera ur beroa mugitzen du eta behe-geruzetan iparraldetik hegoaldera ur hotza garraiatzen du. Zirkulazio hau ur-dentsitatean egon daitezkeen ezberdintasunek hauspotzen dute, haize korronteek izan dezaketen eraginaz gain. Uraren dentsitatea uraren tenperatura eta gazitasunaren araberakoa da. Dentsitate handiko ura hondoratu egiten da, dentsitate baxuko ura itsasoaren gainazaletik gertu gelditzen den bitartean.

AMOCak Atlantiko hegoaldetik iparraldera ur bero eta gazia garraiatzen du, ur hau ipar latitudeetara iristen denean hoztu egiten da, hoztean dentsitatea handitu eta hondoratu egiten da. Hondoratu ostean ur hotz hau hegoalderantz garraiatzen da, AMOC zirkulazioa osatuz. Zirkulazio horrek milioika metro kubiko ur mugitzen ditu eta beroa ere garraitzen du. Bero garraio horrek ipar-hego arteko tenperatura ezberdintasuna erregulatzen laguntzen du eta zirkulazio honi esker ipar Atlantikoa eta Europako hainbat eremu korronte hau existituko ez balitz baino epelagoak dira.

Ipar Atlantikoko orban hotza

Klima aldaketaren ondorioz Groenlandiako izotz urtzea azkartzen ari da, izotz hau urtu ahala ur geza itsasora iristen da. Ur gezak, itsasoko ur gaziak baino dentsitate baxuagoa du eta ez da hainbeste hondoratzen. Ondorioz ur hotz hau ez da hegoalderantz garraiatzen, baizik eta Groenlandia hegoaldean geratzen da. Hala, azken hamarkadetan berotu ez den leku bakanetako da ipar Atlantikoa. Hoztera egin duen eremu hori “orban hotza” (cold blob ingeleraz) bezala ezagutzen da.

AMOCa
AMOCaren azalpen eskematikoa: gainazaletik hurbil iparralderako ur beroaren garraioa (lerro gorriz adierazia) eta itzulerako fluxu sakon eta hotza (lerro urdina). Koloreztaturik 1993tik satelite bidez behatutako itsasoaren gainazaleko tenperatura. Irudia: Ruijian Gou.

Hau da, Groenlandiako izotzaren urtzeak gehitzen duen ur gezaren ondorioz itsasoko uraren dentsitatea ez da nahikoa handitzen, ur gutxiago hondoratu eta AMOCa motelduz doa. Aldi berean, AMOCa ahuldu ahala hegoaldetik-iparraldera ur gazi gutxiago iristen da. Sorgin-gurpil horretan sarturik egoera okertuz doa eta behin langa bat gaindituta AMOCa guztiz geldi daiteke.

AMOCaren inflexio puntua

AMOCa guztiz gelditzea eragin dezakeen langa da inflexio puntua, non ez dagoen atzera bueltarik egungo egoera egonkorrera, ez gutxienez ehunka urteetan. Galdera beraz inflexio puntu hori noiz iritsiko ote den da.

Alde batetik ez daukagu itsaso hondoko behaketa nahikorik, soilik 2004tik aurrerako behaketa zuzenak. Datu falta asetzeko zeharkako neurriak erabiltzen dira, adibidez AMOCaren azken 150 urteetako joera berreraiki ahal izateko itsas gainazaleko tenperatura erabiltzen da. Paleoklimatologoek zeharkako (proxy) datuak erabiliz azken milurtekoa ere berreraiki ahal izan dute. Datuen horiei esker badakigu azken milurtekoan AMOCa ez dela inoiz orain bezain ahuldua egon.

Etorkizuna aurreikusi ahal izateko klima-ereduak ditugu. IPCCk argitaratutako txostenaren arabera (1) eta eredu horietan oinarrituta inflexio puntua mende honetan gertatzeko arriskua nahiko txikia da, %10 baino txikiagoa. Baina baliteke erabilitako klima-ereduek arriskua gutxietsi izana. Izan ere, badirudi eredu hauek ez dutela Groenlandiako izotz urtzea behar bezala irudikatzen eta, beraz, eredu hauetan AMOCa egonkorregia da. Ondorioz, honez gero ikus daitekeen orban hotza ez dute behar bezala edo denboran beranduago, mende amaierarako, irudikatzen dute.

Azken urteetan hainbat ikerketa argitaratu dira gai honen inguruan, datu eta metodologia ezberdinak erabiliz, ikerketa horien emaitzek ziurgabetasuna kontuan hartzen dute eta mugak ere badituzte, baina oro har inflexio puntua gertu dagoela adierazten dute. Argitaratu berri den ikerketa baten arabera uste baino hurbilago egon liteke AMOCaren inflexio puntua, 2050 urte inguruan (2). Noski, ikerketa honek ere bere mugak ditu, esaterako datu gisa soilik itsas gainazaleko tenperatura erabiltzen ditu, baina, beste ikerketekin batera hurbil egon daitekeen arriskuaz ohartarazten du.

Zein ondorio izan ditzake AMOCa gelditzeak?

Iraganean AMOCaren geldotzeak aldaketa bortitzak eragin izan ditu kliman (3), adibidez, azken izotz aroa AMOCaren ezegonkortasunarekin loturik dago. AMOC zirkulazio etengo balitz Europa ipar-mendebaldeak hoztera egingo luke, baita lehortea areagotu ere, eta Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean itsasoaren mailak nabarmen gora egingo luke. Hego-hemisferioa, aldiz, are gehiago berotuko litzateke eta tropikoetako eremu euritsuak lekuz alda litezke eta euri jasak maizago gertatuko lirateke. Hau da, AMOCa geldituz gero kliman izan dezakeen eragina oso handia da, ondorioak epe motzean eta luzean pairatuko genituzke eta mundu mailan nabarituko lirateke.

Zer dakigu eta zein ziurtasun dugu?

Laburbilduz, AMOCa funtsezko elementua da klima sistemaren egonkortasunean, baina gizakiok eragindako klima aldaketaren ondorioz moteltzen ari da. Ez dakigu noiz gertatuko den AMOCaren aldaketa, ziurgabetasuna handia da, baina mende honetan gertatzeko arriskua %10 baino handiagoa dela dirudi, baliteke baita ere datozen hamarkadetan gertatzea. Gauza argia bada, ordea, inflexio puntu honen eta beste hainbaten arriskuak ekidin nahi baditugu, anbizio handiko eta premiazko neurriak behar ditugu.

Erreferentziak:

  1. Collins M., M. Sutherland, L. Bouwer, S.-M. Cheong, T. Frölicher, H. Jacot Des Combes, M. Koll Roxy, I. Losada, K. McInnes, B. Ratter, E. Rivera-Arriaga, R.D. Susanto, D. Swingedouw, and L. Tibig, 2019: Extremes, Abrupt Changes and Managing Risk. In: IPCC Special Report on the Ocean and Cryosphere in a Changing Climate [H.-O. Pörtner, D.C. Roberts, V. Masson-Delmotte, P. Zhai, M. Tignor, E. Poloczanska, K. Mintenbeck, A. Alegría, M. Nicolai, A. Okem, J. Petzold, B. Rama, N.M. Weyer (eds.)]. Cambridge University Press, Cambridge, UK and New York, NY, USA, pp. 589-655. https://doi.org/10.1017/9781009157964.008.
  2. Ditlevsen, P., Ditlevsen, S. Warning of a forthcoming collapse of the Atlantic meridional overturning circulation. Nat Commun 14, 4254 (2023). https://doi.org/10.1038/s41467-023-39810-w.
  3. Rahmstorf, S. Ocean circulation and climate during the past 120,000 years. Nature 419, 207–214 (2002). https://doi.org/10.1038/nature01090.

    Goiburuko argazkia: Vavilov izotz-geruzaren urtzea ozeano Artikoan. USGS.

    Utzi erantzuna

    Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude