Gizakia, klima aldaketaren eragilea

Gizakia, klima aldaketaren eragilea

Gizakia da klima aldaketaren eragilea, gizakiok eragindako berotegi-efektuko gasen hazkuntzaren ondoriozkoa baita beroketa.

Neurtutako hamar urte beroenak azken mende honetan jaso dira, larritzekoa benetan! 2016 izan zen bataz bestekoan inoiz neurtu den urterik beroena, 2019 izan zen bigarren urterik beroena, 2015 hirugarrena, 2017 laugarrena…

XIX mende erdialdetik neurtzen dira lurraren gainazaleko tenperaturak, zehaztasun gehiagoz gure egunetara hurbildu ahala, eta inoiz ez dira azken urteetan bezain tenperatura  altuak jaso. Hauxe da, beraz, gizakiok eragindako klima aldaketaren erakusle nagusia.

Zertan oinarritzen gara aldaketa hau gizakiari egozteko?

Galdera hau erantzuteko has gaitezen, lehenik, aipatutako tenperaturen igoera aztertzen. Hurrengo irudiak munduko bataz besteko lur gainazaleko tenperaturen anomaliak erakusten ditu. Marra beltza zuzenean egindako behaketetan oinarritua dago, marra urdin eta gorria ordea modelo ezberdinen bataz bestekoak dira. Modeloak zientzialariek ordenagailu bidez sorturiko errealiatearen erreprodukzioak dira. Modelo ezberdin asko daude eta bakoitzak errealitatearen kopia ezberdinak aurkezten ditu. Beraien arteko desadostasuna koloreztatutako guneen (urdin argi eta horia) bidez adierazten da.

Lur gainazaleko bataz besteko tenperatura globala (marra beltza) behaketak,  Hadley Centre/Climatic Research Unit gridded surface temperature data set 4 (HadCRUT4), Goddard Institute for Space Studies Surface Temperature Analysis (GISTEMP), eta Merged Land–Ocean Surface Temperature Analysis (MLOST) datuetan oinarritua, modeloekin alderatuta (CMIP3 motako modeloak marra urdina eta CMIP5 motako modeloak marra gorria). Eragile naturalak  eta berotegi-efektuko gasak kontuan hartuta. Irudia: IPCC Climate Change 2013: The Physical Science Basis.

Beraz, irudi honek funtsezko bi datu ematen dizkigu:

1) 1860 urtetik lur gainazaleko bataz besteko tenperatura 1ºC igo da. Hau da lurraren tenperatura igoeraren erakuslea.

2) Modeloak behaketek emandako informazioa fideltasunez erreproduzitzeko gai dira. Ikusi nola modeloen marra urdin eta gorria behaketekin bat datozen. Beraz, modelo klimatikoak baliagarriak zaizkigu esperimentuak egiteko.

Egin dezagun esperimentua

Hurrengo pausoa klima aldaketaren eragileak identifikatzea da. Nagusiki eragile hauek bi taldetan bereizten dira, batetik eragile naturalak, berez naturan sortutako aldaketak, eta bestetik gizakiak sorturikoak, berotegi-efektuko gasen igoera zehazki.

Hurrengo irudian bakarrik eragile naturalen ondoriozko tenperaturak irudikatzen dituzte modeloek (marra gorri eta urdina), hortaz ez da gizakiaren eragina kontuan hartzen. Marra beltz (behaketak) eta koloreztatuak alderatuz ikus daiteke 70. hamarkadatik aurreta modeloek erreproduzitzen dituzten tenperaturak ez datozela bat behaketekin. Behaketen marra beltza gorantza doa denboran zehar, baina modeloek ez dute beroketa nabaririk aurkezten. Honek adierazten digu aurreko irudian ikusitako beroketa ez dela eragile naturalen ondoriozkoa, hau da, lurraren beroketa ez da naturak bere kabuz sortua.

Soilik eragile naturalen ondoriozko lur gainazaleko bataz besteko tenperatura globala. Irudia: IPCC Climate Change 2013: The Physical Science Basis.

Ondorioz, lehen irudiko beroketaren erruduna hemen azaldu ez ditugun eragileen ondoriozkoa izan beharko da, ikus dezagun bada. Azken irudian berotegi-efektuko gasen ondoriozko tenperaturak irudikatzen dituzte modeloek eta hara! Hortxe dugu behaketek erakusten duten goranzko joera! Izan ere, modeloaren marra gorria behaketen gainetik (marra beltza) kokatzen da 1960tik aurrera. Hau da, soilik berotegi-efektuko gasek eragindako beroketa kontuan hartzean ikus dezakegu behaketek erakusten duten lurraren tenperaturaren goranzko joera.

Soilik berotegi-efektuko gasen ondoriozko lur gainazaleko bataz besteko tenperatura globala. Irudia: IPCC Climate Change 2013: The Physical Science Basis.

Beraz, esperimentu honen bidez hurrengoa ondorioztatu daiteke: klima aldaketaz ari garenean gizakiok sortatuko berotegi-efektuko gasen hazkuntzaren ondorioz sortutako aldaketaz ari gara hizketan.

Erreferentzia:

1. Stocker, T.F., D. Qin, G.-K. Plattner, L.V. Alexander, S.K. Allen, N.L. Bindoff, F.-M. Bréon, J.A. Church, U. Cubasch, S. Emori, P. Forster, P. Friedlingstein, N. Gillett, J.M. Gregory, D.L. Hartmann, E. Jansen, B. Kirtman, R. Knutti, K. Krishna Kumar, P. Lemke, J. Marotzke, V. Masson-Delmotte, G.A. Meehl, I.I. Mokhov, S. Piao, V. Ramaswamy, D. Randall, M. Rhein, M. Rojas, C. Sabine, D. Shindell, L.D. Talley, D.G. Vaughan and S.-P. Xie, 2013: Technical Summary. In: Climate Change 2013: The Physical Science Basis. Contribution of Working Group I to the Fifth Assessment Report of the Intergovernmental Panel on Climate Change [Stocker, T.F., D. Qin, G.-K. Plattner, M. Tignor, S.K. Allen, J. Boschung, A. Nauels, Y. Xia, V. Bex and P.M. Midgley (eds.)]. Cambridge University Press, Cambridge, United Kingdom and New York, NY, USA.

Goiburuko argazkia: Ilargiaren bailara, Jordanian. USGS

2 thoughts on “Gizakia, klima aldaketaren eragilea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude