Ozono troposferikoaren beherakada

Ozono troposferikoaren beherakada

Ozono troposferikoaren ondorioz kaltetutako pertsona kopurua murriztu egin da hego Euskal Herrian 2020 urtean. Hala ondorioztatu du Ecologistas en Acción taldeak aurkeztutako txostenak. Hala ere, 500.000 biztanlek baino gehiagok aire kutsatua arnasten jarraitu dute azken urtean zehar.

Zer da ozono troposferikoa?

Ozono tropsoferikoa arnasten dugun airearen poluitzaile nagusietariko bat da. Soilik 2016an 15.000 pertsona baina gehiagoren heriotza goiztiarra eragin zuen Europan (1). 1.500 espainiar estatuan eta 1.400 Frantzian.

Kutsatzaile hau bigarren mailakoa deritzona da, ez da zuzenean emititzen, baizik eta beste poluitzaileen konbinazioaren ondorioz sortzen da. Nitrogenoz eta oxigenoz osatutako konposatuak (NOx) eta  konposatu organiko lurrunkorrak dira nagusiki ozono tropsoferikoaren aitzindariak. Horretaz gain, eguzki izpien eragina beharrezkoa da sortu ahal izateko. Beraz, meteorologiak baita ere zeresan handia du kutsatzaile honen kontzentrazio mailan. Eguraldi egonkor eta eguzkitsuak, tenperatura altuekin batera, ozono mailaren gorakadak eragiten ditu. Hala, udaberrian eta udaran zehar izaten ditugu ozono tropsferiko maila altuenak.

Izurritearen urtea

2019ko abenduaren 30 identifikatu zen lehen aldiz gero COVID-19 izenez ezagutu dugun izurritea. Hilabete batzuk beranduago, martxoaren 13rako, gaitza 123 herrialdeetara zabaldua zen, 132.000 kasurekin eta 5000 hildakorekin. Europa bilakatu zen izurritearen epizentroa eta apirilaren 4ean millioi bat kasu konfirmatu ziren mundu mailan.

Birusaren transmisioa eteko ahaleginetan gobernuek hainbat neurri ezarri zituzten. Gurean, hego Euskal Herrian, alarma egoera martxoaren 15ean sartu zen indarrean. Neurrien arten etxean ixteko agindua eta mugimenduen murrizketa. Ikastetxeak itxi ziren eta beste debekuen artean umeak kalera ateratzea eragotzi zen. Ipar Euskal Herrian bi egun beranduago hasi zen konfinamendua, martxoaren 17an. Hauen antzera beste herrialde askok neurri murritzaileak ezarri zituzten.

Zein izan da koronabirusaren eragina?

Airearen kalitateari dagokionez konfinamendu hauen lehen ondorioa nitrogeno dioxidoaren (NO2) beherakada izan zen (2). Kutsatzaile hau errepideetako zirkulazioaren ondorioz emititzen da bereziki gure hiri eta herrietan. Hortaz, ibilgailuak murriztu eta segituan nabaritu zen airearen kalitatearen hobekuntza. Bigarren ondorio bezala, poluitzaile honek sorrarazten duen ozonoaren beherakada dugu. Hau da Ecologistas en Acción talde ekologistak aurkeztutako txostenaren ondorio nagusia (3).

Copernicus Sentinel-5P satelitearen datuak oinarri, batez-besteko nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioak 2020ko martxoaren 13tik apirilaren 13ra, 2019ko martxoko eta apirileko batez besteko kontzentrazioekin alderatuta. % 15 inguruko ziurgabetasuna kontuan hartu behar da, 2019 eta 2020 artean eguraldi aldeak direla eta. Irudia: ESA Copernircus.

Ecologistas en Acción taldeak urteak daramatza udaberri eta udarako ozono troposferikoaren bilakaera aztertzen eta aurten, lehen aldiz urte askotan, kutsatzaile honen beherakada erregistratu ahal izan dute. Ozonoaren ondorioz kaltetutakoen kopurua bost eta zazpi milioi pertsona artean gutxitu da espainiar estatuan. Azken hamarkadako daturik baxuena da hau. Halaber, murrizketa hau mugikortasun mugatuarekin bat datorrela adierazi dute talde ekologistatik. Ozono troposferikoaren ondoriozko kutsadura %41 murriztu da Espainiar estatuan 2020ean.

Ardatz gisa Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ezarritako gomendioari so egiten zaio. OMEren arabera 8 orduko bataz-bestekoan100 μg/m3 gorako ozono kontzentrazioak kaltegarriak dira osasunarentzat.

Nolakoa izan da ozonoaren beherakada lurraldeka?

Nafarroan izan da bereziki ozonoaren beherakada esanguratsua. 2012-2019 urteetako bataz-bestekoarekin alderatua %61 murriztu dira OMEren gomendioak gainditutako aldiak. Altsasuko behitegian izan ezik aurtengo ozono maila azken hamarkadan jasotako baxuena izan da beste behatoki guztietan. Bereziki iparraldeko mendi eremuetan nabaritu da hobekuntza, airearen kalitate txarreko egunak %90ean murriztu batira.

Hala ere, nahiz eta aurreko urteekin alderatuta murrizketa nabaria izan den, oraindik asko dira aire kutsatua arnasten duten biztanleak. Zenbait hirik, Funes eta Tutera kasu, 50 bat egunetan gainditu dute OMEren gomendioen langa. Orohar, 250.000 nafarrek, biztanleriaren %39ak, osasunerako kaltegarria den aire arnasten jarraitu dute 2020 urtean zehar.

Ecologistas en Acción-en txostenak azaldu bezala Nafarroak bi kutsadura ardatz nagusi ditu. Bata Ebro ibaiaren bailaran, bertan kokatutako zentral termiko, Tuterako industria eta hura gurutzatzen duten autobideen ondorioz. Bestea iparraldetik Iruñerrirarteko ardatza, Sakanako Cementos Portland-en, Leitzako Torrespapel edota Iruñeako Wolkswagen eta inguruko trafikoa dira besteak beste erantzule nagusiak. Guzti hauek sortutako kutsadura beste eremuetara zabaltzen da, noski, bereziki ozonoaren aitzindari diren kutsatzaileen iturri nagusien haizebean dauden eremuetara.

2020ko ozono troposferikoaren aldaketa 2012-2019 urteen bataz-bestekoarekin alderatuta. Zirkuluen tamainak eremu bakoitzean eta bataz-bestean OMEren gomendioak zenbat egunetan gainditu diren adierazten du. Datuak: La contaminación por ozono en el Estado español durante 2020. Ecologistas en Acción.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa

Hiru probintzietan 2012-2019 urteetako bataz-bestekoarekin alderatua %31 murriztu dira gomendioen langa gainditutako aldiak. Bereziki Ebro ibarran hobetu da airearen kalitatea. Bilbon eta Barakaldon ordea bataz bestean %8 igo da ozono maila. Algortan, Lasarten, Usurbilen eta bereziki Durangon hazkundeak behatu dira baita ere.

Kontaminazio iturriei dagokienez ugariak dira lurralde osoan zehar banatutako industrialdeak eta zentralak. Bereziki kaltegarriak dira ezkerraldean kokatutako Zabalgarri erraustegia, Santurtziko zentral termikoa eta Muskizko findegia. Honi, hiru hiriburuetako trafikoa gehitu behar zaio. Gune hauetan sortutako kutsadura urruneko eremuetara hedatzen da, adibidez, barne arroetako ozono troposferiko mailak igoaraziz.

2012tik 2020ra bataz-bestean OMEren gomendioak gainditutako egunak, horiz Nafarroan eta, grisez Euskadin. Datuak: La contaminación por ozono en el Estado español durante 2020. Ecologistas en Acción.

Ondorioz, Ebro bailaran eta barne arroetan jasaten  da osasunarentzat gomendagarria ez den airearen kalitatea. Aurten,  eremu hauetako 300.000 biztanlek arnastu dute aire kutsatua. Izan ere, kontuan hartu behar dugu ipar isurialdeko egoera, non ezegonkortasun meteorologikoa eta euria ohikoak diren. Bertako eguzki-erradiazio baxuak ozono produkzioa mugatzen baitu. Beraz, iparraldeko ozono maila hegoaldeko eremuetakoa baino baxuagoa izan ohi da.

Zein da meteorologiaren eragina?

Aipatu dugu ozonoak meteorologiarekiko duen menpekotasuna, kontzentrazio mailak eguraldiaren arabera igo edo jaitsi daitezke. Martxoko eta apirileko konfinamendu gogorrean izandako ozonoaren beherakada baita ere meteorologiaren ondoriozkoa izan zen neurri haundi batean. Hala ondorioztatu du Madrilgo unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketak (4).

Ikerketan martxoaren 15etik apirilaren 30 arteko NO2 eta ozono mailak aztertu zituzten eta hauek meteorologiarekin lotu. Lehenik egun horietan izandako egoera atmosferikoa gogoratu behar dugu. Martxoa eta apirila bataz-bestean oso hezeak izan ziren penintsulan, apirilean ia egunero egin zuen euria. Aldi berean eguzki erradiazioa ohikoa baino baxuagoa izan zen. Egoera honek ozono produkzioa eragotzi zuen.

Beraz, meteorologiak ozonoaren kontzentrazioa gutxitzen lagundu zuen eta behatutako aldaketen zati bat honen bidez azaldu daiteke. Murrizketaren beste zatia noski konfinamendu neurrien ondoriozkoa izan zen. Gu baigara aire kutsatuaren erantzule nagusiak.

Erreferentziak:

  1. Air quality in Europe — 2019 report. (2019). European Environment Agency. ISBN 978-92-9480-088-6. ISSN 1977-8449. doi:10.2800/822355.
  2. Bauwens, M., Compernolle, S., Stavrakou, T., Müller, J.‐F., van Gent, J., Eskes, H., et al. (2020). Impact of coronavirus outbreak on NO2 pollution assessed using TROPOMI and OMI observations. Geophysical Research Letters, 47, e2020GL087978. https://doi. org/10.1029/2020GL087978
  3. La contaminación por ozono en el Estado español durante 2020. Ecologistas en Acción. 2020ko azaroaren 10ean argitaratua. Koordinatzailea: Miguel Ángel Ceballos.
  4. Ordóñez, C., Garrido-Perez, J.M. and  García-Herrera, R. (2020). Early spring near-surface ozone in Europe during the COVID-19 shutdown: Meteorological effects outweigh emission changes, Science of The Total Environment, Volume 747, 141322, ISSN 0048-9697. https://doi.org/10.1016/j.scitotenv.2020.141322.

Goiburuko argazkia: sedimentuak Mexikoko Golkoan Louisianako kostaldean. USGS.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude