2020, hiru urte beroenen artean izateko bidean

2020, hiru urte beroenen artean izateko bidean

Urtea amaitzear dela Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) urte honen izaeraren laburpena aurreratu du. Ondorio nagusia: klima aldaketa gupida gabe aurrera doa. Erregistroak ditugunetik hamarkada beroena izan da hau eta 2020 urtea hiru beroenean artean kokatu liteke.

Urtarriletik urrira arteko hamar hilabeteak kontuan hartuz, batez-besteko tenperatura globala 1.2ºC hazi da 1850-1900 garaiarekiko alderatuz. Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) argitaratutako (1) emaitza hauek urtearen izaeraren pista bat baino ez dira. Une honetan eta datu hauen arabera, 2020 orain arteko bigarren urte beroena da. Aurretik 2016, inoiz behatutako urterik beroena.

Bataz-besteko tenperatura globala industrializazio garai aurreko tenperaturekin alderatuta (1850-1900). Irudia: MetOffice.

Baina, 2015 eta 2016 urteetako neguan zehar ozeano Pazifikoan El Niño izeneko fenomenoa gertatzen ari zen. Gertakari honen ezaugarri nagusia Pazifiko ekialdeko itsasoaren ur gainazala berotzean datza. Ohi baino beroagoa dagoen ur honen ondorioz energia ikaragarria askatzen da atmosferara. Energia soberakin honek tenperatura globalen gorakada sortzen du. Honela gertatu zen duela 5 urteko El Niño indartsuaren ondorioz. Beraz, 2016 urtean zehar klima aldaketak El Niñoren laguntza izan zuen.

Aurten ordea, El Niñoren aurkako fasea dugu martxan, La Niña. La Niñak Pazifikoaren ekialdeko uretan gainazaleko tenperaturen beherakada eragiten du. Ondorioz, atmosferako tenperaturak apur bat baretzen lagundu beharko liguke. Ez da hau kasua, 2020 eta 2016 pareko urteak dira bataz-besteko tenperatura globalei dagokienez. Bi hauen atzetik 2019. Hala ere, eskasak dira hiru urte hauen arteko diferentziak. Urtea amaitu arte itxaron beharko dugu 2020 ranking triste honetan kokatu ahal izateko.

Nola egon litezke azken bi urteak hiru urte beroenen artean? Tamalez, joera hau ez da batere berria. Klima aldaketaren eraginez, azken sei urteak erregistratutako sei urte beroenak izan baitira. Hala, azken hamarkada hau historiako beroena izan da.

Artikoa berotzen eta itsas izotza murrizten

2020 urtean zehar klima aldaketaren hainbat eragin ikusi ahal izan ditugu. Nahiz eta bataz-bestean tenperaturaren igoera 1.2ºCkoa izan den, ipar hemisferioko latitude altuenetan, Siberia iparraldean, tenperaturak ohi baino 5º C beroagoak izan dira. Maiatzean diferentzia hau 10ºCkoa izatera iritsi zen eta ekainean Zirkulu Polar Artikoan tenperatura errekor berria hautsi zen. Errusiako Verkhoyansk hirian, Sakhako Errepublikaren iparraldean, 38 ºC-ra iritsi ziren ekainaren 20an. Izan ere, Artikoan beroketaren abiadura inon baino azkarragoa da, 1980 hamarka erdialdetik aurrera munduko bataz-bestakoaren bikoitza da.

Ezkerrean, urriko Artikoko itsas izotzaren kontzentrazioa. Eskuinean urriko itsas izotzaren kontzentrazioaren anomaliak, 1981- 2010 urteen arteko urriko bataz-bestekoaren aldean. Irudia: Copernicus Climate Change Service, ECMWF.

Kaltetu nagusia Artikoko itsas izotza da, geroz eta meheagoa eta urriagoa. Aurtengo itsas izotzaren zabalera minimoa, irailean jaso ohi dena, inoiz neurtutako bigarren baxuena izan da, 1979ean sateliteen neurketak hasi zirenetik. Joan den urrian urriko hilabeteko bataz-besteko itsas izotz zabalera txikiena erregistratu zen. Uztailetik urrira, lau hilabetez jarraian, iparraldeko itsas erreia ia izotzik gabe igaro zitekeen. Izotz falta Svalbard iparraldetik Chukchi itsasorarte zabaldu da aurten.

Sute, uholde eta lehorteak

Artikoaz gain, klimak aldaketak eragin ditzakeen ondorioen adibideak mundu osoan zehar barreiatu dira. Udara bukaeran Estatu Batuetako mendebaldeak inoiz jasandako sute haundienak bizitu zituen, eremu honetan nagusi bilakatu den lehorte eta udarako tenperatura altuen ondoriozkoak. Hego Amerika erdialdean, Argentina iparraldean, Paraguain eta Brasilgo mendebaldean lehorte latzak sufritu dituzte baita ere.

Afrikan ekialdean eta Sahelen eta Asian hegoaldean ordea, uholdeak izan dira nagusi. Errudunetako bat Asia Hegoaldean eragin handia duen Montzoi indartsua izan da, aurtengoa 1994 geroztik bigarren hezeena izan da. Vietnamen, gainera, montzoiak sortutako euriteei herrialdera jarraian iritsitako 8 zikloi tropikal batu zaizkio. Zikloi tropikalak ere protagonista izan ditugu Atlantikoan, inoiz izandako denboraldi aktiboena izan da bukatu berri den hau. Guztira 30 zikloi izendatu dira, 2005 urteko errekorra hautsiz. Kaltetuenen artean Honduras eta Nikaraguako biztanleak izan dira, bi asteko tartean bi urakan indartsuk bertan jo zuten lurra.

MMEk adierazi bezala, urteko lehen seihilekoan 10 millioi desplazamendu inguru erregistratu ziren, bereziki Asia hegoalde eta hego-ekialdean eta Afrikako adarrean. Hau da, milioika pertsonek bere bizilekuak utzi behar izan zituzten, eta hauek soilik hondamendi meteorologikoek bultzatutakoak ziren. Egoera latz honi, COVIDak eragindako krisia gehitu behar zaio. 2020 urte makala izan da, baina etorkizuna are beltzagoa izan liteke.

Erreferentzia:

  1. State of the Global Climate 2020. Provisional Report. MME. 2020ko abenduaren 2an argitaratua.

Goiburuko argazkia: Meta ibaia, Kolonbia eta Venezuela arteko mugan. USGS.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude