El Niño eta berotze globala

El Niño eta berotze globala

2023ko uztailean Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) ‘El Niño’ fenomenoaren hasiera iragarri zuen eta tenperatura globalean izan dezakeen eraginaz ohartarazi zuen (1). El Niño Ozeano Pazifikoan gertatzen bada ere, munduko hainbat tokitan eragin handia du eta beste ondorioen artean, planeta are gehiago berotu daiteke. Hau da, El Niñoren laguntzaz 2023 urtean tenperatura errekorrak hauts daitezke.

Zer da El Niño fenomenoa?

El Niño izenez aipatzen dugun arren, izen osoa El Niño-Southern Oscillation (El Niño-Hegoaldeko Oszilazioa) da eta ENSO bezala laburbiltzen da. Fenomeno honek bi zati ditu bata, El Niño, itsasoan gertatzen dena eta bestea, Hegoaldeko Oszilazioa, atmosferan ematen dena. Hala ere, bi zati horiek bata besteari loturik daude eta fenomeno bakar gisa hartzen da.

Itsasoan ematen den El Niño izan zen lehen sumatu zen zatia. Hego-Ameriketako arrantzaleek, Peruko kostaldeetan, noizean behin, bi edo zazpi urtero, Gabonen inguruan itsasoko ura ohi baino beroago zegoela nabaritzen zuten, beraz ‘El Niño’, Jesus haurrak, bere jaiotze-egunaren inguruan eragindakoa zela uste zuten, hala fenomenoa izendatuz. Bestetik, Sir Gilbert Walker zientzialariak itsasoaren gainazaleko mailan presio aldaketak antzeman zituen Indonesia eta tropikoetako Pazifikoaren artean. Atmosferan gertatzen den Hegoaldeko Oszilazioa da hau eta ozeanoan gertatzen den El Niñorekin lotura handia du, biak fenomeno berdinaren, ENSOren, bi zatiak izanik.

ENSO fenomenoa gertatzen den urteetan ekialdeko Ozeano Pazifikoan ura ohi baino beroago egoten da eta atmosferan presio aldaketak ematen dira.

Zergatik berotzen da ekialdeko Ozeano Pazifikoa?

Tropikoetan, ekialdetik mendebaldera hedatzen diren, haize alisioak dira nagusi. Haizeak eguzkiak berotutako itsasoaren gainazaleko ura ekialdetik mendebaldera bultzatzen du, hori dela eta mendebaldeko itsasoaren gainazaleko ura ekialdekoa baina epelago egoten da. Itsasoko ura beroago dagoenez ur-lurrun gehiago iristen da atmosfera, konbekzio bidez ur-lurruna goi-geruzetara zabalduz doa eta hodeiak sortzen dira bertan; hodeiak garatu ostean euria ekarriz eremu horietara. Hau da, egoera normal batean mendebaldeko Ozeano Pazifiko tropikalean ekialdean baino euri gehiago egiten du. El Niñoren testuinguruan ohiko egoera horri ENSO neutrala deritzogu baita ere, hau da, ENSOrik gertatzen ez den egoera.

ENSO neutrala
Tropikoetako Ozeano Pazifikoaren eta atmosferaren ohiko egoera, ENSO-neutrala. Irudia: NOAA Climate.gov, Emily Eng NOAA PMEL oinarri hartuta.

El Niño

Alabaina, ekialdeko haize alisioek hain indartsu jotzen ez dutenean, ez dute hainbeste ur bero ekialdetik mendebaldera zabaltzen, eta ur beroa mendebaldean pilatu beharrean, ekialdera zabaltzen da, ondorioz, ekialdeko ura ohi baino beroago egoten da. Ur beroaren kokapena ekialdera aldatzen denez, hodeiak ez dira hain mendebaldean sortzen eta eurite eremuak ere ekialderantz mugitzen dira. Aldi berean, itsasoaren gainazaleko mailan presio aldaketak gertatzen dira. Faktore guzti hauek kontuan hartuta ENSO fenomenoa, edo laburbilduz, El Niño definitzen dugu.

Ekialdeko Ozeano Pazifikoa are gehiago berotu ahala El Niño fenomeno indartsuagoa dugula esaten dugu. Fenomeno hau hilabetez luzez garatzen doa, udaberri aldera, pixkana-pixkana, ekialdeko itsasoaren gainazaleko uraren tenperatura igoz joaten da. Udan eta udazkenean beroketak jarraipena du eta normalean azaroa eta ondorengo urteko urtarrila artean, neguan, goia jotzen du. Horregatik arrantzaleek abendu aldera, Gabonetan, sumatzen zuten bereziki uraren tenperaturaren igoera. Baina, ohi baino zenbat beroago egoten da itsasoaren gainazaleko ura?

El Niño
Tropikoetako Ozeano Pazifikoaren eta atmosferaren egoera El Niño gertatzen denean. Irudia: NOAA Climate.gov, Emily Eng NOAA PMEL oinarri hartuta.

Ura zenbat berotu den neurtu ahal izateko, urte eta eremu zehatz bateko uraren tenperatura iraganeko hainbat urteren bataz bestekoarekin alderatzen dugu. Tenperatura ohikoa baino 0.5 ºC altuagoa bada El Niño gertatzen ari da. Ura ohi baino 1.5 ºC beroago baldin badago El Niño indartsua dela esaten dugu eta hortik gora oso indartsua izango litzateke. Ezagutzen ditugun El Niño indartsuenak 1982, 1997 eta 2016 urteetan gertatu ziren, urte horietan uraren tenperaturaren igoerak 2-2.5 ºC-ak gainditu zituen eta mundu mailan hainbat ondorio izan ziren.

Zein eragin ditu El Niñok?

El Niñoren ondorioak ekialdeko Ozeano Pazifikoan izaten den itsasoaren gainazaleko tenperaturaren araberakoak izan ohi dira. El Niño ahula dugun urteetan, 0.5 ºC graduko langa gainditzen den urteetan, ur beroagoari loturiko konbekzioa eta euriteak Pazifiko erdialdean gertatzen dira. Baina, El Niño urte indartsuagoetan, goia jotzen duen neguko hilabeteetan, konbekzioa eta euriteak ekialdera zabaltzen dira eta Peruko eta Ekuadorreko kostaldeetan euri jasa latzak pairatzen dituzte.

Alegia, El Niñori loturik hainbat lekutan euri gehiago egiten du, esate baterako Hego-Ameriketako hegoaldeko zenbait tokitan, hegoaldeko Estatu Batuetan, erdialdeko Asian edo eta Afrikako Adarreko txoko batzuetan. Aldi berean, Pazifiko mendebaldean, Australian, Indonesian eta hegoaldeko Asian, ohi baino euri gutxiago egiten du eta lehortea areagotu egiten da. Horiek El Niñoren kausaz gertatzen dira, baina munduko beste hainbat lekutan ere El Niñorekin zerikusia duten eraginak nabaritzen dira, izan ere, uhin atmosferikoek aldaketak milaka kilometrotara zabal ditzakete.

El Niñoren eraginak neguan
El Niñoren eraginak neguan, abendutik otsailera bitartean. Irudia: NOAA.

El Niño eta berotze globala

El Niñok ez du soilik prezipitazioaren jokaera aldatzen, tenperaturaren bilakaeran ere badu zer esana. Izan ere, itsasoko ur bero guzti horrek atmosfera ere berotzen du eta ondorioz, klima aldaketari loturiko beroketari beste koska bat gehitzen dio. Hortaz, El Niñoren kausaz munduko bataz besteko tenperatura are gehiago igo daiteke.

2023 eta 2024 urteetan gerta daitekeena jakiteko aurrez izandako El Niño indartsuak lagungarriak zaizkigu. Atzera begiratuta azken hamarkadan izandako urterik beroena 2016a izan zen, hain zuen El Niño oso indartsua izan genuen urtea. Azken urteak aldiz, ez dira hain beroak izan eta errudunetako bat, hiru urtez jarraian izan dugun, La Niña izan da.

Bataz besteko tenperatura globalen aldaketa
Bataz besteko tenperatura globalen aldaketa, gorriz El Niño urteak adierazten dira, urdinez La Niña urteak eta tonu ilunagoak El Niño edo La Niña indartsuei dagozkie. Irudia: Wikipedia, RCraig09 erabiltzailea.

Zer da La Niña?

La Niña El Niñoren aurkako fasea da; El Niño ENSOren fase positiboa izanik, uraren berotzeari lotua, La Niña fase negatiboa da, uraren hoztearekin zerikusia duena. La Niña gertatzen den urteetan lehen aipatutako haize alisioak, tropikoetan dabilen ekialdeko haizea, indartu egiten da eta Ozeano Pazifikoko ur beroa mendebalderantz are gehiago bultzatzen du. Hala, La Nina gertatzen denean ekialdeko Ozeano Pazifikoan, Peruko kostaldetik hurbil, itsasaroaren gainazaleko ura ohi baino hotzago egoten da. Aldi berean, tropikoetako konbekzio eta eurite eremuak aldatu egiten dira eta El Niñoren antzera, baina kontrako noranzkoan, La Niñak hainbat eragin ditu mundu mailan. Uhin atmosferikoek milaka kilometrara barreiatzen baitituzte aldaketak eta La Niñaren ondorioz tropikoak, bai ozeanoa, bai lurra, hoztera jotzen du.

La Niña
Tropikoetako Ozeano Pazifikoaren eta atmosferaren egoera La Niña gertatzen denean. Irudia: NOAA Climate.gov, Emily Eng NOAA PMEL oinarri hartuta.

Noski, tropikoetan gertatzen den tenperaturaren beherakada horrek bataz besteko tenperatura globalean eragina du. Klima aldaketaren testuinguruan, beraz, hiru urtez jarraian, 2020tik 2022ra bitartean, izandako La Niña fenomenoak tenperatura globalaren igoera apaltzen lagundu du. Hala eta guztiz ere, azken urteak historiako beronetakoak izan dira.

La Niña ostean, El Niño

Hortxe dago gakoa, La Niña izanda ere berotze globala nabarmena da. Zer espero behar dugu bada El Niño indartsu bat izanez gero. Datu guztien arabera 2023ean garatzen doan El Niño indartsuak 2024ean jarraipena izango du (2). Hori dela eta, errazagoa izango da munduko leku askotan muturreko beroa pairatzea eta orain arteko tenperatura errekorrak aise gaindi daitezke baita ere. Laburbilduz, El Niño fenomeno naturala bada ere, klima aldaketaren ondoriozko tenperaturaren igoera globalari bultzada eman diezaioke.

Erreferentziak eta lotura interesgarriak:

  1. World Meteorological Organization declares onset of El Niño conditions. WMO. https://public.wmo.int/en/media/press-release/world-meteorological-organization-declares-onset-of-el-niño-conditions
  2. El Niño – Southern Oscillation – CPC-NCEP/NOAA products. https://www.cpc.ncep.noaa.gov/products/precip/CWlink/MJO/enso.shtml
  3. ENSO Blog. Egileak: L’Heureux (NOAA Climate Prediction Center), Emily Becker (University of Miami/CIMAS), Nat Johnson (NOAA Geophysical Fluid Dynamics Laboratory), Tom DiLiberto (NOAA Office of Communications) eta Rebecca Lindsey (contractor to NOAA Climate Program Office). https://www.climate.gov/news-features/blogs/enso

Goiburuko irudia: itsasoaren gainazaleko tenperaturaren aldaketa 2015eko urrian, Ozeanoko Pazifikoko kolore gorria El Niñoren adierazlea da. NOAA.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude