COVID-19aren ondorioz karbono dioxidoaren (CO2) emisioak %5 murriztu dira mundu mailan, inoiz jaso den beherakadarik handiena da hau. Baina, klima aldaketa moteltzeko, jaitsiera are handiagoa behar dugu.
Klima aldaketa gizakiok eragindako berotegi efektuko gasen kontzentrazioren igoeraren ondoriozkoa da. Gas hauen artean karbono dioxidoa (CO2) da protagonista nagusia, bere eragina beste gasena baino handiagoa baita berotze globalean. 2019an bataz-besteko CO2 kontzentrazio maila milioika 410 partetik (410 ppm) gorakoa izan zen atmosferan. Industrializazioa hasi zenetik, 1750 urtea oinarri hartuta, karbono dioxido kontzentrazioa %148an hazi da. Azken hamarkadako urte bakoitzean 2.37 ppm igo da gas honen kontzentrazio maila (1). Hazkunde tasa hau inoiz jasotako azkarrena da.
Aurten, ordea, eta lehen aldiz urte askoan, abiadura hau moteldu egin da. Carbon Monitor izeneko ekimenak hilabetez hilabete karbono dioxidoaren emisioak estimatu ditu, bai mundu maila, bai herrialdeka, eta aurreko urtearekin, 2019, alderatu ditu. Martxoan eta apirilean, COVID-19aren ondoriozko konfinamenduetan zehar, egunero munduan isurtzen den CO2a %12.4 murriztu zela estimatzen da. Bi hilabetean 700 millioi tonako (Mt) murrizketa aurreko urtearekin alderatuta. Europar Batasuneko 28 herrialdeetan, Erresuma Batua oraindik barne, jaitsiera %17koa izan zen, bereziki hegoaldeko herrialdeek izan zuten zeresana jaitsiera honetan, Espainian beherakada %28.4koa izan zen, Frantzian %25.2 eta Italian %22.2.
Beherakada haundiena konfinamendu zorrotzenetako hilabeteetan gertatu zen, noski. Urtarriletik azarora artean, ordea, murrizketa %5ekoa izan da. Guztira, 11 hilabete hauetan zehar, CO2 1600 millioi tona gutxiago emititu dira atmosferara aurreko urtearekin alderatuta. Aztertutako herrialdeen artean nabarmena da Espainian jasotako aldaketa, CO2 emisioak ia %15 murriztu baitira, atzetik Estatu Batuak %13.2arekin. Europar Batasunean bataz-bestean %9 gutxitu dira emisioak 2019 urtearekin alderatuta. Txinan, aldiz, non gaitza lehenago iritsi baina baita ere lehenago gainditu zen, jaitsiera %0.5ekoa izan da. Zehazki, industriaren ondoriozko emisioek aurreko urtekoak gainditu dituzte.
Zein sektorek izan du eragin handiena emisioen jaitsieran?
Emisioak sektoreka aztertuz, mundu mailan beherakada handiena lurreko garraioari egotzi behar zaio, %15ean murriztu da jarduera eta lehenago aitatutako %5aren %3a bere gain hartzen du. %1.2ko murrizketa energia sektorearen ondoriozkoa da, %3 murriztu da bere jarduera mundu maila, ondoren industria eta hegazkinen inpaktua ditugu, bien artean %1 baino gutxiago eragin dute emisioen beherakadan. Hala era, aipatzekoa da hegaldien beheraka, sektoreak %32ko murrizketa jasan du, eta %47.5koa soilik Europar Batasunean. Azkenik etxebizitzekin lotutako emisioak kontsideratu dira, apenas %0.1. Europara begiratuz, murrizketa handiena, erdia baino gehiago, Espainian eta Alemanian bezalaxe, ez da garraioaren ondoriozkoa, baizik eta energia sektorearekin lotua.
Berotze globala moteltzeko nahikoa ote da?
Aurtengo emisioen beherakada ikaragarria dela pentsa genezake, urtarriletik ekainerako datuak kontuan hartuz, beherakada honen magnitudea aurreko edozein krisitan izandakoa baina handiagoa da (3). Orainarte behatutako murrizketa handiena bigarren mundu gerran izan zen, urte batean CO2 790 Mt gutxiago emititu zen orduan. Aurtengo beherakada bikoitza izan da.
Hala ere, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) adierazi bezala, aurtengo jaitsiera guztiz puntuala izan da. Hauts-izpi bat baino ez berotegi efektuko gasen kontzentrazioen goranzko joeran. Urtea amaitzear dela, MMEren estimazioen arabera aurtengo emisio globalen murrizketa %4.2 eta %7.5 artean egongo da. Hazkuntza tasa globala 0.08 eta 0.23 ppm artean murriztuko litzateke. Tamalez jaitsiera hau oso txikia da. Urtetik urtera naturak sor ditzakeen aldaketa propioak handiagoak izan daitezke.
Beharrezkoak diren aldaketak, eta hauen ondoriozko emisioen jaitsiera, askoz sakonagoak dira. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) adierazi bezala, Parisko akordioan adostutako berotze globala 1.5ºC azpitik mantentzeko, hurrengo hamar urteetan zehar, urteroko emisio globalak %7.6 murriztu beharko genituzke. 2ºC muga ez gainditzeko urteroko murrizketa %2.7koa izan beharko litzateke . Hau da, aurtengo jaitsiera handitu eta urtero errepikatu beharko litzateke 2030 urterarte. Hau lortu ahal izateko anbizio handiko neurri errealistak behar ditugu. Klima aldaketaren aurkako konponbidea ezin da bizitzak okertu dituen izurrite bat izan.
Erreferentziak:
- GREENHOUSE GAS BULLETIN No. 16. The State of Greenhouse Gases in the Atmosphere Based on Global Observations through 2019. WMO. 2020ko azaroaren 23an argitaratua.
- Le Quéré, C., Jackson, R.B., Jones, M.W. et al. Temporary reduction in daily global CO2 emissions during the COVID-19 forced confinement. Nat. Clim. Chang. 10, 647–653 (2020). https://doi.org/10.1038/s41558-020-0797-x
- Liu, Z., Ciais, P., Deng, Z. et al. Near-real-time monitoring of global CO2 emissions reveals the effects of the COVID-19 pandemic. Nat Commun 11, 5172 (2020). https://doi.org/10.1038/s41467-020-18922-7
Goiburuko argazkia: Tanezrouft arroa, Aljerian. USGS.